jueves, 28 de abril de 2011

MUXIKA 1937

Urune hoteleko etartean nago, bertako lasaitasuna eta kafe gozo bat dastatzen dudan bitartean. Nire pentsamenduetan murgilduta nago eguzki ederraz gozatzen eta inguru berdeari so. Bat batean hegazkin hotsak nire lasaitasuna apurtu eta nire pentsamenduetatik atera nau. Hegazkin bat baino ez da, batek daki nondik datorren eta nora doan hegazkin bat. Ziurrenik bertan doazenak oporretara doaz, leku atsegin batera, edo auskalo, lanera edo beharrizanak eskatzen dioten lekuren batera.

Halako batean, nire amonaren irudia etorri zait burura. Bere ume arora bidaiatu dut segundo batean. Hemendik 100 metrotara dagoen baserrira salto egin dut eta orain dela 74 urte bizi izan zuena gogoratu dut. 1937ko apirilaren 26ko eguna zen, berak 6 urte besterik ez zituen baserri inguruko landetan jolasten zebilela hegazkin hotsak bere lasaitasuna eta eginbeharrak apurtu zituenean. Ume bat baino ez zen mendira korrika joan behar izan zuenean ezkutaleku bila. Baina ez zen izan bidaiariak zeramatzan hegazkin bat, ez zen gainera hegazkin bakarra izan. Gernika bortizki erreko zuketen bonbez beteriko hegazkina zen, eta haren atzetik beste asko ere pasatu ziren. Bonba hotsa entzuten zuen urrunean noiz hurbilduko zain. Bere ahizpa guztietatik ia nagusiena izanik, besteen ardura zuen, gurasoak ohiko moduan, lanean baitzeuden larrean.

74 urte igaro dira, baina hegazkin horrek bere pentsamenduetara ekarri nau, zer sentituko ote zuen hegazkin hotsa entzutean. Ni hemen nire kafeaz gozatzen, bizitzak eskainitako erraztasun guztiekin inguratuta… berak bizitakoa hain hurbil eta urrun izanda aldi berean.

Zertan bihurtu den eta garen ikusita pozik sentituko dela badakit. Zer den gaur egungo Muxika eta zertan bihurtu den inguru hau.  Non nagoen kafe gozo hau hartzen eta bizitza nola aldatu den ikusita.

Baina bera, beti izan ohi da oso arduratsua inguratzen gaituenarekin eta ziur nago lortutakoaz pozteaz gain, munduan bera bezala mendira korrika joan behar dutenen pentsamendua duela. Munduan dauden 6 urteko umeen pentsamendua. Haiek ere hain urrun distantzian eta hain hurbil denboran egonik ere.

 Izaro Bideguren

No hay comentarios:

Publicar un comentario