martes, 4 de febrero de 2014

15+5 urte, Ilusiotik errealitaterako bidea

Orain dela 15 urte Enbortxo eta Enborflasharen eskutik (momentu hartan sortutako pertsonaia eta newsletterra) Enborren jaiotzaren berri eman genizuen. Sasoi hartan Enbor Kontsultoreakek lan ibilbidea hasi berria zuen eta Enbortxoren ahotik ezagutaraztera eman nahi genuen zer zen Enbor, zer nolako lan taldeak osatzen zuen eta zein ilusio zeukan etorkizunera begira.

Enbortxo Enbor bihurtu da, sustrai sendoetan oinarritzen den enbor trinko legez. Urteetan, batetik, egitura eta toki aldaketak eta bestetik, krisi sozio ekonomikoaren eragina jasan izan duen arren, enbor trinkoa izaten jarraitzen du. Lan taldea gainera, berritzaile, dinamiko eta ez hain gazte ere bada.

Igarotako urte hauetan, geneukan ilusio hura errealitate bilakatu da eta handitu egin dela ere esan genezake; erakundeen garapenean eta pertsonen hazkuntzan lanean aritzeaz gain, Urune Hotela Garapen Zentroa ere martxan jarri genuen duela 5 urte. Horrela, gure lan ildoa indartzeko bide berria bilatu eta aurkitu genuen, bezeroei garapenerako espazioa eskaintzea Urdaibaiko Biosferaren Erreserban.

Aurkene Redondo zuzendariak, 10. urteurrenean kasualitateaz hitz egiten zuen.  Bere ustetan ez zen kasualitatea hasierako 10 urteetan bizitakoa, ez eta momentu hartan esku artean geneukan “Urune Hotela” proiektua ere. Hausnarketa hartatik hona, 5 urte igaro dira, egun eguzkitsuz eta lainotsuz beteriko 5 urte. Denbora tarte horretan Enbor Kontsultoreaken eskutik Urune Hotela-Garapen Zentroaren jaiotza eta gaztaroa bizi izan dugu, proiektu komuna sortuz.


Nortzuk gara eta zer egiten dugun

Gaur, arima berbera izan arren, gure aurpegia aldatu egin da. Enborren 6 lankide izatetik bi izatera pasatu gara eta Urune Hotelaren eskutik, gure familia hasi da. Lau lankide berri ekarri ditu gure adaxka berri honek, herrialde desberdinetakoak jaiotzez, eta gure herriak alabatzat hartuak. Aro berri honetan ere saiatu gara denen inplikazioa eta konplizitatea lantzen eta horretan jarduten dugu egunero.

Pertsonekin dugun konpromisoa

Berdintasunaren alde lanean: Emakundek Gizon eta Emakumeen aukera berdintasuneko aholkulari izendatu zuen Enbor Kontsultoreak 2005. urtean. Ondorioz, urte horretatik aurrera, erakundeei Berdintasunaren bidean laguntza emateaz gain, guk ere geure plana jarri genuen martxan,  baita kontziliazio plana ere.

Euskararekin konpromisoa: Enbor Kontsultoreak zein Urune Hotelak betidanik izan dute euskararekiko konpromisoa. Gure ustetan, gure identitatearen parte da eta bai kanpora zein barrura begira alde hau zaintzea funtsezkoa da. Hori horrela, gure zerbitzuak euskaraz eskaintzeaz gain 2007. urtea geroztik, Euskara plana abian dugu. Honen ondorioz, bai euskara plana eta baita euskara politika eta irizpideak ere kontuan izaten ditugu gure egunerokotasunean. Guzti honez gain, Bikain ziurtagirien ebaluatzaile lanetan ere aritzen gara Euskalit eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik.

Irisgarritasuna: 2011. urtean gure erakundearen irisgarritasun maila neurtzeko ebaluazioa egin genuen. Ebaluazio haren emaitzetatik, orduko egoeraren semaforoa lortzeaz gain hobetze arloak zehaztu ziren. Orduz geroztik, hobetzeko bide horretan jarraitzen dugu, pertsona guztientzako irisgarriak izateko helburupean.


Kudeaketa hobetzen

Enbor Kontsultoreakeko lan ildo nagusienetariko bat da erakundeei Bikaintasuaren bidean laguntza ematea EFQM eredua eta bestelakoen bitartez. Gaitasun emozionalen garapena da Enbor Kontsultoreakek landutako beste arlo nagusi bat prozesu eta ikastaro ezberdinen bitartez. Eta hirugarren arlo bat, lehen aipatu bezala, Gizon eta Emakumeen arteko aukera Berdintasuna lantzea diagnosia eta berdintasun planak garatuz.

Turismoko Kalitatezko Qa: Gure lanarekin koherenteak izanik, 2009. urtean Turismoko Kalitatezko Q-a martxan jartzea pentsatu genuen. Honek gure funtzionamendua eta oinarriak aztertuz, lana modu egituratuan egitea ekarri zuen, helburu zehatzak ezarriz eta adierazleen bitartez urterik urte lorpenak ebaluatu ahal izateko. Horrela etengabeko hobekuntza sistematizatu ahal izan dugu.

IKT programa: Urremendi Garapen Agentziaren eskutik, IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologia) tresnen ebaluazioa egin genuen 2013. urtean. Gure lan sistema ebaluatzeaz gain, hobekuntza plana diseinatu genuen ordutik martxan dagoena.

2012. urte amaieran Plangintza Estrategikoa diseinatu genuen buruan bueltaka genituen erronka nagusi, planak, proiektu eta ideiak antolatzeko asmotan. Ondorioz, 5 ildo estrategiko zehaztu genituen, 10 erronka estrategiko eta 22 proiekturekin. Eman nahi ditugun hurrengo urratsak testuinguru horretan markatuta daudela esan genezake.

15 urtetan zehar mila kontu eta komedia bizi izan ditugu eta ezin denak kontatu honako idatzi honetan. Hurrengo argitalpenetan joango gara hauen berri ematen Enbor Kontsultoreak eta Urune Hoteleko bilakaera barrutik ezagutu ahal izateko, ez bakarrik kanpora begirako ekintzak ,baita gure arima ere.


Hemendik gure eskerrik beroenak urte guzti hauetan gurekin elkar lanean aritu zareten erakunde eta pertsona ezagun eta ez hain ezagunei.



Izaro Bideguren