jueves, 25 de abril de 2013

BONBARDAKETAREN ONDORIO EDO ONDORENGOAK


Bihar apirilaren 26a da, gernikarrontzat oso data seinalatua. Aurten 76 urte betetzen dira Gernika bonbardatu zutenetik; 76 urte Gernika erre hautsa bihurtu zenetik; 76 urte gernikarren bizimodua aldatu zenetik. Denbora asko pasatu arren gertakari haiek ez dira ahazten bizi izan zutenen oroimenean; ez beraiek eta ezta ondorengoek ere. 

Adibidez, “Lobak” izeneko proiektuak  ongi dioenez, “oindik eurrera zeuek konteu biherko dozuez geuriek…”.  Eta noski, gerratea bizi izan zutenak gero eta gutxiago dira, aiton amona haiek badoaz, baina Gernikako herria pasatako ez ahazteaz arduratzen da. Lobak proiektuak ideia hori oinarritzat hartuta, gazteen arteko sorkuntza proiektuak sustatu eta elkarrekintza espazio izatea lortu du. Ostiralerako antolatuta dauden ekintzen artean, memoriaren babeslekuan erakusketa kolektiboa antolatu dute Astran dagoen Bunkerrean, besteak beste.

Honez gain, mota guztietako herritarrek osatzen duten antzezle taldeak Gernika Sutan deritzon herri antzezlana egingo dute Gernikako kaleetan zehar. Iazko arrakasta ikusita, aurten Doro Zobaranen zuzendaritzapean egingo dute eta ostiralean eta larunbatean izango da ikusgai herriko kaleetan zehar. Herritarren inplikazioa ikusten da antzezlan honetan, nola adin eta mugimendu ezberdinetako jendea batzen den Gernikan bizi izandakoari sentimendua jartzeko.

“Aldaba” eta “Gernikazaharra” erakundeek ere iazko urtean orain 26 urteko lanari jarraipena emanik Sustrai Erreak 2 deritzon liburua kaleratu zuten, non bonbardaketaren oinarri eta ondorioak azaltzen dituzten, testigantza askokin aberastuz.


Baina herritarrez gain, badira gure mugetatik kanpo bonbardaketaz zeresana dutenak ere. Azkenengoa, edo lehenetarikoa, Bill Smallwood dela esan genezake, “Egurtxiki”. Ipar amerikar honek, 70. Hamarkadan Euskal Herrira egindako bisitan bonbardaketan bizi iraun zutenen hainbat testigantza jaso zituen, baina, hainbat arazo medio, iazko urte arte ezin izan du bere liburua atera. Azkenean, Pete Cenarrusa Idaho Estatuko Senatari ohiak bultzatuta  2012. urtean atera zuen.

Gernikan eta inguruetan bizitakoa latza izan zen. Gertakari horietan izandakoak gero eta gutxiago daude gure artean, tamalez, baina orain arte egindako komunikazio lanak gure eskuetan geratzen dira. Gugan dugu haiek esandakoa eta gure esku informazio hori erabiltzea. Munduari erakusten jarraitzea eta hemen jasandakoa beste inon gertatzea saihestea. Mundu hau pixkanaka mundu hobeagoa bihurtzea.

Guk ere gure aldetik, antzezlaneko protagonista horien lobak garen aldetik, gertakari haiek ez ahazteko aldarrikapena egiten dugu: bizitakoa bizita dago, pasatakoak pasata daude, baina sufrimendu guzti hark bizitzan hazteko eta ikasteko balio digulakoan gaude. Bai pertsonalki eta baita sozialki ere.

Izaro Bideguren