martes, 28 de febrero de 2017

Iker Jausoro Murgiondo-ri agurra


Urteak dira ez ginela ikusten nolabait harremanetan jarraitu dugun arren.

Eta zure istripuaren berri honek barruak astindu dizkit.

Enbor, gure kontsultoria txiki honetako lehen urratsak elkarrekin eman genituen. Hamaikatxo ardura, beldur, ilusio eta lan ... lan eta lan, orduei begiratu gabe. Laguntza guztiak ziren eskertzekoak, zure aita Gurutzek diru kontuak ordenatzeko emandakoa batez ere!

Aurretik biok konpartitu genuen lan esperientzia mingotsari aurre egin eta gure proiektua sortu genuen. Eta Enborrek hor darrai orduko esentzia galdu gabe. Gero, urte batzuk beranduago, zuk beste lan ildo batzuk jarraitu zenituen. Oiñati Gernikatik eta Zornotzatik urruti gelditzen zen azken finean, eta ulertzekoa zan. Ordutik gaurdaino zure testigua nik hartu eta aurrera jarraitzen dut.

Lankide izatea baino askoz gehiago lortu genuen, lagun min bihurtu ginen. Gure istoria  txikiak elkarreri kontatu, familia eta herriko lagunak ere bestearen etxean sartu genituen. Jaiak, ezkontzak, umeak ...

Azken urteotan elkartu ez garen arren beti jakin izan dugu bestea nondik nora zebilen.

Eta orain ere badakigu ... ez zara galdu, ez zara joan. Hainbat lekutan jarraitzen du zuk egina, zu izana. Eta Enborren ere zure bihotza, orduko ilusioak eta grinak hor jarraitzen dute, bion artean jarritako zutabeak.

Eskerrik asko guzti horregatik eta musu handi bat zuri eta zure etxekoei!




Aurkene Redondo Ikazuriaga
Enbor Kontsultoreak / Urune Hoteleko Zuzendaria