viernes, 19 de diciembre de 2014

ZORIONAK ETA URTE BERRI ON


Konturatu orduko gabon sasoian murgildu gara, kaleak argiz eta kolorez apaindu dituzte, pinu arbolak bolaz eta lazoz beterik edonon ikus daitezke eta jende andana dabil dendetan erosketak egiten. Zer izango ote dute Gabonek jendea kalera ateratzera animatzeko?  Ez dakit erosketak eta kontsumismoa izango den baina jendearekin partekatzeko gogoak ere zerikusia duela iruditzen zait. Nire ustetan gehienoi lagunekin eta familiarekin egoteko gogoa pizten zaigu, kalean edo mahai inguruan bada ere.

Aspaldian elkar ikusi ez diren lagunak biltzeko garaia izaten da, esan beharra dago  lagun ezkutuak ere horretan lagundu duela. Honez gain, enpresa-bazkariak urte osoko tira birak alde batera uzten ditu momentu batez, eta jatordu ederrak ospatzen dira; lankideen artean, lantegiaz kanpo ere bizia dagoela erakutsiz.
Gabonak badute zerbait. Ez nuke magia hitza esango, baina bai jendearengan partekatzeko gogoa sortzen duen zerbait.

Urtea aldats goran pasatzen zaigu, egunerokotasunean, asteburua noiz helduko zain, gero oporrak noiz helduko egoten gara eta konturatu orduko joan da urtea eta hemen dira hurrengo urteko Gabonak: urteko balantzea egiteko ordua askorentzat.

Nik ez dakit adin kontua izango den, baina nagusiengandik beti entzun dudana sentitzen dut, adina aurrera doan heinean urteak ere arinago pasatzen direla. Ez dakit honen zergatia zein izango den, baina zati handi batean egunerokotasunean gero eta eginbehar gehiago izateak bere garrantzia duela uste dut. Eguneko orduak eginbehar guztiak egiteko nahikoak ez direla pentsatzearen sentimenduak urteak hegaz joatearen oinarri direla deritzot.

Eta lanean zer esanik ez; Enbor Kontsultoreak eta Urune Hotela, Urune Hotela eta Enbor Kontsultoreak. Batean ez denean bestean dugu zer egina, bietan ez baldin bada, noski. Argi dago, egun jasaten ari garenarekin ezin kexatu gintezkeela, eta ez da hori nire asmoa ere, baina, aspertzeko unerik ez dugu behintzat.
Aurton adibidez, urtean zehar arlo bakoitzak eskatzen duen lana egiteaz gain, proiektu ezberdinetan murgilduta ibili gara: kalitate sistemak egunean eramaten, Euskara plana jorratzen, 15+5 ospakizunak bezero,hornitzaile eta familiarekin, hotelean izan ditugun obrak, bezeroenganako arreta hobetzen … Gure helburua hobetzen joatea da, kalitate maila hobetzea, bai eskainitako zerbitzuan baita bizi kalitate mailan ere.

Ondorioz, eta datorren urteari begira, proiektuz beteriko izatea espero dugu, aurten izandakoen haina behintzat. Proiektu pertsonal zein lanekoak izan, gure bizia helburuz betetzea nahi dugu eta pausoz pauso, bizimodua hobetzen joatea. Baina proiektu guzti horietaz gozatzen ikasi behar dugu, horrela, datorren urtean Gabonetako bloga idazten dugunean, ziurrenik urtea hegaz pasatu izanaren sentsazioa izango dugu baina urte oparoa izan denaren sentsazioaz nagusituz.

Gure partetik desiorik onena opa dizkizuegu eta datorren urtea poztasunez beterikoa izatea.


Besarkada bat.


Izaro Bideguren