miércoles, 7 de noviembre de 2012

URUNETIK ELANTXOBERAKO TXANGO APARTA


URUNETIK ELANTXOBERAKO TXANGO APARTA



Urdaibaien txoko ederrak ditugula ezin uka dezake inork. Biosferaren erreserba izanik aski ezaguna da munduko toki askotan, zein polita eta ederra den. Izan ere, Urdaibai zabala da azaleraz, Autzaganen hasi eta Bermeoraino eta handik Elantxobera, eta nahi beste toki polit eta liluragarri aurki ditzakegu bertan.

Gaur, bertoko ibilbide atsegin batez arituko natzaizue, ea zuen gustukoa izatera heltzen den eta egitera ausartzen zareten.

Ibilbidea: Urunetik Elantxobera, bai oinez edo bizikletaz; hori zuen esku geratzen da. Helburua Elantxobera edo are gehiago, Ogoñora heltzea izango da.

Gauteguiz Arteagako gaztelua
Goizean goizetik Uruneko paisaia ederrekin itzartu eta Maritak prestatutako gosari eder batekin eguna indar berriturik hasiko dugu. Kafea, fruta, ogi txigortua,… eta behin prest gaudenean, Gernikarako bidea hartuko dugu. Nahiz eta hotelean gosaldu, Gernikan kafetxoren bat hartzeko tartea hartu eta Elantxoberako bidean martxan jarriko gara. Gernikako errekara hurbilduko gara, Oka ibaira, eta hegaletik joango gara Kortezubirako bidean, hots, errekaren eskuineko aldetik. Bidexka horretan Oka ibaiaz eta bertan dirauten hegazti ezberdinez goza dezakegu paduretara heldu bitartean. Momentu horretan, jada Kortezubi herrian egongo gara. Eskuinetara baserriak, ezkerretara padura eta aurrez-aurre Gautegiz Arteagako gaztelua.

Gautegiz Arteagako Orueta auzoan paradarako tartea har dezakegu Urdaibai Bird Centre ikusteko.  Hegaztiei buruzko ikerketan eta dibulgazioan aritzen dira, baina paduraren Behatokia ere izanik, bisitatu gabe ezin utzi daitekeen leku horietako bat bihurtu da.

Laidako hondartza
Bisita hau egin edo ez, gure bideari ekingo diogu. Arteagako gaztelu atzetik, baserri eta etxe dotoreen artetik dagoen bidexkatik paduretara abiatuko gara. Oka ibaiari jarraiki, berak egiten duen ibilbidea egingo dugu, itsasorantz, alegia. Kanala auzora heltzean errepidera igo beharko gara, padura artetik gure bidea bukatzen baita. Ondorioz, Laida hondartzara heldu bitartean, gure bidea errepide ondotik egin beharko dugu; baina ez arduratu laster bide gorria dugu eta, lasai ibiltzeko. Itsasora hurbiltzen goazen heinean, Laida hondartza aurkituko dugu aurrez aurre: eskuinetara Atxarreko San Pedro mendia; ezkerretara, hondartzaren bestaldean, Pedernales eta aurrean, Laida. Hemen itsasoratzen da Oka ibaia, Laida eta Mundaka artean Izaro irlarekin bat egiteko.

Ogoño Lurmuturra, Lagako hondartzatik 
Toki zoragarri hau alde batera utzi eta paisai honetaz disfrutatzen dugun artean, gure bidetik jarraituko dugu Laga hondartzarantz. Bidexka honetan, Itsaso ondotik joango gara, Bermeo, Izaro uhartea eta haitzez gozatuz Lagara heldu arte. Surflarientzako hondartza bikaina eta surflari ez direnentzako, toki maitagarria, udan zein neguan, bisitagarria. Bere ondoan Ogoño dugu harro, Lagaren babesle eta itsasoari aurre egiteko prest dagoen lurmuturra. Gure helmuga, Elantxobe, Ogoñoren bestaldean aurkitzen da, baina horretarako bide gorritik jarraitu beharko dugu Ibarrangelu herri gunera, eta berau pasa ostean Elantxoberantz hartu.

Nire gomendioa Elantxobe herri gunera joatea da eta bertako begiratokitik herri osoaren xarmaz gozatzea. Bertatik, herrixka hau nola uretan bukatzen den beha daitekeelako. Ondoren, kale artetik jaitsi gaitezke portura.

Heldu gara, bada, gure helmugara: Elantxobeko portura. Begiratu gora eta ikusi zelako herri polit eta xarmangarria den.  Portuan zehar paseatzea, bertako arrainak jatea, jendea arrantzan ikustea, arraunlariak bogarako prestatzen ikusteak duen xarmaz gozatzea baino ez zaigu falta. (Posible da Elantxobetik Ogoño lurmuturrera igotzea, 305m ditu).

Ibilbidea oinez egin baduzue, bueltarako autobusa har dezakezue, herriaren goiko aldean dago geltokia, hau da, plataforma borobilean. Bitxia benetan.

Ostera, bidaia autoz egin baduzue, bada, segi dezakezue inguruaz gozatzen: Natxitua, Ea, Ispaster,…

Bueltan, Urune hotela izango duzue zain. Neguan, beheko su ederra piztuta, kafe eta frutaz beteriko mahaia prest, su ondoan etzan eta indarrak berritzeko. Udan, ostera, etartean egoteko aukera, paisaiaz disfrutatzen jarraitzeko.

Izaro Bideguren

Ibilbidea oinez: 5-6 ordu
Ibilbidea autoz: 20-30 min.

No hay comentarios:

Publicar un comentario