miércoles, 7 de marzo de 2012

BERDINTASUNEAN BIZI AL GARA?


Gaur hurrengo berria irakurri dut egunkarian: RAE*n ustetan, “Hizkuntza ez sexista erabiltzeko ildoak era zorrotzean jarraituz gero, ezingo litzateke hitz egin”. A ze titularra. Gogorra ezta? Pertsonen artean hizkuntza bera erabiliz, eta ezin komunikatu? Hala azpimarratu dute aho batez RAEko arduradunek eta baten bat hizkuntz kontuetan aditua izatekotan, beraiek ezta? Nire asmoa ez da zuzen edo oker dabiltzan eztabaidatzea, ezta gutxiago ere, baina berriak harritu egin nauela ezin ukatu.

Urteak daramatzat nire bizi profesionalean berdintasun kontuekin lanean, lan tokietan emakume eta gizonezkoen artean aukera berdintasuna egon dadin gure ahaleginak egiten eta bat batean holako berri hotza gainera erorita hainbeste galdera etorri zaizkit burura.  

Egia ote RAEk dioena? Berdintasunaren alde lan egiteak alde txarra al du? Hobe litzateke gure komunikazioan emakumeak ez erakustea? Eta esaten edo aipatzen ez dena, ikusten al da? Gazteleraz “medicos” hitzak erabiltzean, emakumezkoak ala gizonezkoak datozkigu burura? Niri, zalantzak sortzen zaizkit behintzat…

Gure komunikazioetan, eta batik bat euskaraz mintzatzerakoan, sarritan uste dugu gure hizkuntza ez dela sexista. Izan ere, ez dago ez nuke esango hizkuntza sexistarik dagoenik, baina bai ordea egiten dugun hizkuntzaren erabilera. Hizkuntzak bera generoa izan edo ez, beste kontu bat litzateke, baina erabilpenean dago gakoa. Sarritan erabilpenean ikuspegi sexista eta androzentrista ematen diogu, baita euskaraz komunikatzerakoan ere.

Androzentrismoa, gizona gure munduaren ardatz eta neurritzat hartzen dugunean sortzen da, besterik ikusi gabe, eta sexismoa ordea, sexu bakoitzari rol eta ezaugarri zehatzak esleitzean datza. Nork ez du inoiz entzun arropak amari emango dizkiola garbitzeko baina txirringa aitari emango diola konpontzeko?

Estereotipo horiek gure gizartean barneraturik daude eta nahiz eta sarritan pentsatu egungo gazteek diskriminazioa gaindituta dutela, betiko rolak errepikatzen dira. Komunikazioan, lanean,… gizartean orokorrean.

Aste honetan martxoaren 8ko eguna ospatzen dela aprobetxatuz, laneko aukeren berdintasunez hausnartzen pasako naiz. Ni emakumea naiz, 30 urteko emakumea, eta emakume artean lan egin izan dut beti; ez dut besterik ezagutzen, ez onerako eta ezta txarrerako ere. Badira sei urte lan munduan sartu nintzena eta berton jarraitzeko asmoa ere badaukat, nire bizi pertsonalak ematen dituen bueltak emanda ere. Zorionez nigan konfiantza duen nagusia dut, nigan pertsona bat ikusten duen nagusia, emakumezko zein gizonezko izan, nire gaitasunak ikusten dituena; bere negozioak axola dio, bai, baina gauza batek ez du bestea kentzen. Horretarako zer hoberik bere ustetan profesional onena dena bilatzea baino. Bakoitzak, bere negoziorako perfil ezberdinak bilatuko ditu, ziur asko, postu berdinerako nagusi ezberdinek irizpide ezberdinak izango dituzte, baina bakoitzak bere negozioa ikusteko era izanik, langilerik onena nahi izango du. Ez al da arriskutsua sexuan mugatzea eta haratago ez ikustea?

Emakunde aurtengo martxoaren 8ko kanpainan ere horretan zentratzen da, berdintasun politikak krisiari aurre egiteko tresnatzat erabiltzean. Honek ere, gogorra dirudien arren, bere arrazoia du. Krisi garai hauetan arriskutsua litzateke langile baten profesionaltasuna sexuan mugatzea, lehen esan dudan bezala, bere gaitasunak ez ikustea emakume zein gizonezko jaiotzeagatik. Honek gaitasun handiko langileria baztertzea eta talentuak ez aprobetxatzea ekarriko luke.

Guk Enbor Kontsultoreak-en izan dugun esperientziak esaten digu, berdintasunaren alde lan egiteak ez duela alde bateko eta besteko langileak baztertzen, ezta gutxiago ere. Berdintasunaren alde lan egiteak, langile guztien alde lan egitea suposatzen baitu, erakundean dauden politika ezberdinetan, barne zein kanpo irudian, kudeaketan,… pertsona guztiok berdinak garenaren kutsua ezartzea baita, eta hortik aurrera, pertsonen alde lan egitea, negozioaren alde lan eginez.

Langile asebeteak hobeto egingo du bere lana. Kontziliatu dezakeen langileak hobeto egingo du bere lana. Bere gaitasunak kontuak hartzen direnaren ziurtasuna duen langileak hobeto egingo du bere lana,… langile guzti hauek bere lana hobeto eginda nork galtzen du guzti honetan? Nagusiak, negozioak, sektoreak, langileak,…

Nire uste xumean, politika hauek indartzeak negozioa indartzea suposatzen du, langileen asebetetzea handitzea, pertsonen gaitasunak aprobetxatzea, nahi ditugun langileak gurekin izatea,… baina guzti hau esaten ez badugu, inplizituki geratzen bada, nor konturatuko da honetaz?

* Real Academia Española
 

Izaro Bideguren

1 comentario:

  1. Fernando Aramburu idazleak bere blogean, bere liburuaren aurkezpen batez:

    "Me flanquearon hembras a la mesa. Estaba, pues, como en casa. Es que congenio con el rebaño cuando es bello y huele bien."

    Hizkuntza ez sexistaren adibide ona.

    ResponderEliminar