miércoles, 18 de abril de 2012

Gernika, hitzaren oihartzunak

Fotografía: Canal de Historia

Gernikarra izanda, beti entzun izan ditut bonbardaketaren inguruko kontu eta pasadizoak. Eskolan idazlanak egiten genituen eta Madrilera ere joan ginen Picassok egindako lan erraldoia ikustera.

Gernikar izatearen atal garrantzitsua da orain historia bihurtuta dagoen gertakari tamalgarria. Familian zuzenean bizi izandakoa, aittittek eta amumak (aitonak eta amonak) betondo ilunez gogoratutakoa.

Ume izatetik heldua izateko urte horietan gertatutakoaren irudia zehazten doa eta bihotzean ñabardura berezia eratzen, Gernikarron izaera janzten duena.

Hamabi bat urte nituela galdetu nien aittitte eta amumari beraiek zer modutan bizi izan zituzten bonbardaketaren inguruko egun haiek. Amumak negarrez kontatzen zituen, aittittek malkoak barrutik eta ezpain estuak kanpotik, isiltasuna opari.

Emazteak umeak hartu eta mendira ihes egin, zorte edo kasualitate hutsari esker bizia salbatuz txikia gose zelako lekuz aldatu zirenean, izuak jota eta bizirautearen bultzadaz aurrera hiru seme alabak salbu jartzeko, oinez mendirik mendi, errekara jauzi eta ittoteko zorian, ezagunak zerraldo lurrean, sua, kea, ihes, ihes, umeek negar, gosea, eta ibili … itsasontzia hartu, izkutuan, Frantziara. Negar … senarra nonbait frentean.

- Aittitte, inoiz hil zenuen pertsonaren bat? Begirada triste eta iluna sakonean, irribarre nekatua eta ezereza …

Amatasunak eta urteek beste prisma bat eskaintzen dutela uste dut. Nik, gaur, orain, hobeto dakit zer den umeek babesteko grina, bizia mantentzeko indarra, hurbiltzen naiz maitea bizi ote den ez jakitearen amaigabeko zulora, ezagutzen ditut heriotzaren aurpegi batzuk, … eta ez dakit ezer.

Ni ez naiz Frantziatik bueltatu amaren etxera, ezer gabe, lan bila, senarraren bila kartzelaz kartzela, jakin nahiean … edo ez. Ni ez naiz prestatu nire senarraren heriotz zigorra eta fusilamendua entzuteko, gero, nork jakin zergatik, erabakia aldatzeko eta hiru urtean kartzelan usteltzeko. Ez dut ezta imajinatzen ere senar emazteen lehen topaketa kartzelan, bizirik daudela jakitea, seme alabak ondo, … zahartutako gazteak.

Arimak hausten dira, pertsona izatearen balioa zatitzen da, … Nire izekoren (izebaren) etxean egurrezko kutxa, esku gaztez eta labain zaharrarekin kartzelan landutako kutxa, seme alaben izena, emaztearen izena, sentimenduak eta arimaren zauriak zizelkatuta, hersturak, beldurrak, itxaropenak …

Gaur nire semeak eskolako jarduera batean kontatu du bere amumak txikitan entzundakoa, aittittek hiru urterekin bizi izandakoa. Arduratsua da eta ulertzen du, bere hamar urteek uzten dioten beste. Bere begietan batez ere bizi indarra da ageri. Dinosauro, pokemon eta herensuge magikoz osatutako unibertso teknologikoan, Gernikako bonbardaketak bere tokia duela uste dut. Ez handiegia, eta horrela izan behar da. Etorkizuna eraikitzeko arintasuna sentitu behar delako ariman eta sinesmena pertsonengan.

Nola babestu gureak bizipen izugarri hauetatik? Nola zaindu gertatutakoaren memoria? Nola aplikatu ondare garratz honengandik ikasitakoa?

Hitza. Hitza balsamikoa da, terapeutikoa. Hitzak esan, hitzak entzun. Ikasi beharko genuke. Klana alde batera utzi eta pertsona hartu aintzat. Gizakiok ankerkeri anitz egiteko gai gara taldearen izenean, ideien izenean. Horrela erakutsi dugu sarritan. Fanatismoei aurre egin eta desberdintasuna errespetatuz berdintasuna lortu.

Ba daude hitza errazten duten kulturak eta baita hitza ukatzen dutenak ere. Hauek ez diote gertatutakoari zentzurik ematen, norberaren jatorria galtzen da. Abandonoaren kulturak dira, bakoitzak bere burua salbatu beharrekoa eta zaurituak sozialki baztertzen dituena.

Hemen ere holako zerbait gertatu zen guda ostean. Zauritu eta kaltetuei hitza kendu zieten eta dena bukatutzat jo zuten, biziari aurre egitea eskatu zieten denek sufritzen zutela argudiatuz. Esateko zutena ez zen interesekoa, ez zitzaien sinesten. Gudaren erasoa jasan eta gero, babesten ez zieten kulturaren erasoa jasan zuten. Beste kultura batzuetan ordea, norberaren garapena berreskuratzeko aukerak ematen dira. Norberaren ohiturataz, gurasoen baloreetaz galdetuz, “zuk kontatu zurea eta nik nirea kontatuko dizut”. Zauriari zentzua ematen laguntzen dutenak.

Gaur eskolan, etxean, gure umeei hitza ematen diegu, gure nagusiei hitza hartzen diegu eta nik ere nire hitza zuentzat eskeintzen dut. Eskerrik asko entzuteagaitik.


Aurkene Redondo
Enbor kontsultoreak eta Urune hoteleko zuzendaria



No hay comentarios:

Publicar un comentario