jueves, 23 de junio de 2011

ERAKUNDE BIKAINAK

Aurreko batean formazio saio batean parte hartu nuen. Bertan 50 lagun inguru batu ginen. Asmoa, erakundeetan euskaraz lan egiteko Bikaintasunari buruzko eguneratze saioa egitea. Helburu  ezberdinekin gindoazela zirudien baina denok geneukan helburu orokor bakarra: euskarak gure erakundeetan izan behar duen tokiaz hausnartzea eta norberaren errealitatean “zerbait” gehiago egitea. Hainbat puntuz hausnartu genuen bai, hainbat puntuz eztabaidatu ere.
Gure erakundeetan, euskarak bere tokia izan behar duela argi geneukan han bildu ginenok eta nahiz eta erakunde askotan horrela izan, beti dago hobetzeko aukerarik. Euskaraz lan egiteak ez baitu esan nahi okerrago egiten direla gauzak, euskaraz ez dakien hornitzaile, bezero, langileak,… alde batera geratuko direnik. Alderantziz, zerbitzua euskaraz jaso nahi duenak, edozein interes talde izanda ere, eskatutako hizkuntzan erantzuna emateko gai garela bermatzen du. Hori ez ahal da ba balio erantsia erakundearentzat? Hori ez al da Bikaintasunaz aritzea?
Bikain, erakundeetan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria izanik, indar guneak eta hobetu beharreko arloak identifikatuz erakundeari aurrera pausuak emateko pistak eskaintzen dizkio. Balio erantsi hori nahiko erraz lor daitekeela dirudi gogo eta intentzio apur batekin, ezta? Batzuentzako bide xidorra izango da, besteentzat aldapatsua, batzuentzako laburra eta besteentzako kurbaz beteriko bukatzen ez den infernurako autopista, baina, erakundean erakundeko helburuak jarriz eta norberaren errealitatearekin koherenteak izanik, egiteko modukoa da, nire iritziz behintzat.
Prestakuntza saioetan parte hartzean, nire helburu pertsonala ikastea zen, ikasten jarraitzea. Solaskide horiekin tarte bat partekatzeak, Enbor Kontsultoreak eta Urune Hotelean jarraitzen dugun bidean aurrera egiteko grina berpizten dit, gauzak ongi egiteko sena areagotu, euskarak Kontsultorean eta Hotelean duen tokia indartzeko gogoa ematen dit. Guk, izan ere, euskarazko zerbitzuak eskaintzen ditugu, gure bezero eta hornitzaileekin harreman euskalduna izaten dugu, baina bide luzea dago egiteko oraindik. Hobetzearen bidea inoiz bukatzen ez dena baita, etengabe hobetzen diharduena.
Laburbilduz, Enbor Kontsultoreak eta Urune Hotela erakunde bikainak izatea nahi dugu eta helburu hori lortzeko erakundea beraren kudeaketa Bikaina izatea beharrezko ikusten dugu, euskarak, ingurune sozial honen sustrai gisa, bere tokia izan behar baitu.

Izaro Bideguren

No hay comentarios:

Publicar un comentario