lunes, 2 de junio de 2014

URDAIBAIKO BIOSFERA EUSKARAREN BIHOSFERA BIHURTUZ


Ongi etorriak euskararen Bihozferara!!! horrela eman zion atzo Ibilaldiak ongi etorria euskarari eta ondorioz Gernikara bertaratu ziren milaka euskaltzaleei. Bertan Bizkaiko Ikastolen jaia ospatu zen Seber Altube Ikastolaren eskutik. Musika, ikuskizunak, herri kirolak, artisautza, …. ez zen ezer falta izan 6 Km luze zuen ibilbidean zehar. Alaitasunez eta jai giro ezin hobeaz lagundurik, gazte zein heldu, haur zein nagusi, denentzako aukera ezberdinak aurki zaitzakeen.

Ekhi eta Aimar txikiak aitaren lepoetan.
Baina guzti hau ezingo litzateke burutu hainbat eta hainbat boluntarioren laguntzarik gabe. 2013. urteko Portugaleteko Ibilaldia geroztik urte osoan jardun dute buru belarri lanean. Denek jakin badakite zer nolako garrantzia duen Ibilaldiak ikastolaren etorkizunerako, aukera aparta baita bertan egin nahi diren hobekuntzak aurrera eramateko. Kasu honetan, ikastola, dituen ikasle kopuruaren ondorioz, txiki geratu da eta gainera handik edo hemendik tokia egin behar zaie ate joka daudenei ere. Batez ere, Ikastolako txikienei. Horregatik beraien espazioa hobetu eta handitzeko beharrean ikusten da Seber Altube: jangela egin, komunak berritu, jolasteko espazio bereziak sortu, … azken finean dirua behar da hori guztia egiteko eta egunerokotasunak ez du ematen hobekuntza guzti horietarako diru haina. Sarritan bizi irautea ere nahiko neketsua izaten da eta.

Ondorioz, boluntario guzti horiek “ikastola” sentimenduak bultzaturik gogotsu lan egin dute, guraso, ikasle ohi zein boluntario desinteresatu izan. Aurreko ibilaldian testigua hartu zutenetik gelditu gabe jo eta su aritu dira lanean eta denen artean lortu da. Ez da lan erraza izan baina denon laguntzarekin eguna bikaina izan zen.

Urte osoko lanak bere etaparik gogorrena atzo bizi izan zuen, atzean utziz urte osoan antolaturiko ekitaldiak: bertso afari, kantaldi, erakustaldi, txango etabar guztiak. Horrela boluntarioen azken txanpa izan zen atzokoa. Goizean goizetik hasi eta martxan ibili baitziren egunak bere aurpegirik onena erakusteko. Taldeetan banatuta herri osoan zehar banatu ziren, parkingak antolatzen, trafikoa kontrolatzen, txosnak martxan jartzen, segurtasuna zaintzen… bazegoen bai zer egina egun osoan zehar.




Guzti honez gain, aurtengoa Ibilaldia garbi bezala gogoratuko dena ere izan daiteke. Ibilaldia 2014k apustu garrantzitsua egin baitu Ibilaldi garbi baten alde. Urdaibai biosfera ingurugiroarekiko dugun errespetuaren ondorioz mantentzen da bizirik eta bide berdinean garatu nahi izan da Ibilaldi eguna ere. Horretarako hainbat ekintza jarri dituztelarik martxan: garraio publikoa bultzatuz, plastikozko edalontzien erabilera murriztuz edo ur erabilera arduratsu baten alde jendea kontzientziatuz, besteak beste.


Gauzak horrela gaur balantzea egiteko eguna da, batez ere ikastolako arduradunentzat, baina jaiaren parte izan ginenok argi daukagu Ibilaldia Ikastola eta euskarari egiten zaion omenaldia dela; Euskarak denon beharra baitu aurrera egiteko eta ikastolek zein eskolek, besteak beste, funtsezko lana burutzen dutela hori horrela izateko.  

Zorionak, beraz, boluntario eta parte hartzaile guztioi, denon artean Busturialdea Euskararen Bihozfera bihurtu baita. 

 Izaro Bideguren (Seber Altube Ikastolako ikasle oiha eta Ibilaldiko boluntarioa)



No hay comentarios:

Publicar un comentario