jueves, 27 de octubre de 2011

URRIKO AZKEN ASTELEHENA

Heldu da Gernikarrentzat hain esanguratsua den eguna, heldu da urriko azken astelehena.  Egun hau oso berezia izaten da bai Gernikar eta baita ingurukoentzat ere. Jakina da, Gernikan garrantzi handia izan dutela beti azokek, astelehenetako azokek batik bat, baina urrikoak bereziak izaten  dira. Urriko lehen astelehenean abereen azoka egiten da. Baserritarrak beraien abereak salerosten etortzen dira Gernikara, nahiz eta gaur egun, baserriko lana galtze bidearen ondorioz, askorentzat abereak ikusi eta disfrutatzeko aukera bat baino ez den.
Urriko azkenengo astelehenean ordea, baserriko produktuak salerosten dira. Herri guztian zehar baserritarrak hainbat postu jartzen dituzte bakoitzak berea saltzeko. Badago baserriko produktuak saltzen dituenik: barazkiak, frutak, lekak,.. baita esneki eta etxean egindako postreak ere: gaztak, euskal pastela,… eta nola ez, txakolin eta sagardo produktoreak ere beraien postuak jartzen dituzte. Ondorioz, Gernika baserriko produktuen erakusleiho bihurtzen da egun horretan. Guzti hau, dastatzeko aukera ere egoten da, gainera, bakoitzak bere produktuez harro egonik, denak egotera dira jakiak probatzera emateko prest.
Urteen poderioz eta azoka honek hartutako indarraren ondorioz, egun honetan gazta eta txakolinaren lehiaketa izaten da. Badaude epaile batzuk non postuz postu joaten diren gazta eta txakolin ezberdinak probatzen. Eguerdi partean, irabazlearen izena esaten da eta gaztaren kasuan gazta irabazlea enkantean saltzen da. Ez da, ez, broma gazta erdi batengatik batzuk ordaintzeko prest daudena, ez horixe!!
Bisitari gisa ere oso polita da Gernikako azoka. Nire plana hurrengoa litzateke edo hobeto esanda, izaten da. Goizean goizetik, jende multzoak hasi orduko, postu ezberdinetatik paseatu. Ikusi zer saltzen duten, zein preziotan dauden barazkiak, Gernikako indabak, Tolosakoak,… gazta eta txakolin ezberdinak probatu. Tartean, txosnaren batean parada egin dezakegu, taloa txorixoarekin jan, sagardoarekin lagundurik. Herrian dagoeneko hasia den giroaz gozatu genezake, ondoren, bisitarekin jarraitzeko. Eguerdi aldera bertsolarien tartea da merkurio iturrian eta gaztaren enkantea ere bertan izaten denez, gazta erdi batengatik zenbat ordaindu daitekeen ikusi daiteke.
Bazkaldu ostean, jende andanak baino ez da egoten herrian, taberna barne zein kanpoan dantzarako gogo eta festarako amorruz beteta. Aurten ere izango da horrelakorik, batez ere hurrengo eguna jai dutenek etxera joateko ordua ahaztuta izango baitute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario