URUNETIK ELANTXOBERAKO TXANGO APARTA
Urdaibaien txoko
ederrak ditugula ezin uka dezake inork. Biosferaren erreserba izanik aski
ezaguna da munduko toki askotan, zein polita eta ederra den. Izan ere, Urdaibai
zabala da azaleraz, Autzaganen hasi eta Bermeoraino eta handik Elantxobera, eta
nahi beste toki polit eta liluragarri aurki ditzakegu bertan.
Gaur, bertoko
ibilbide atsegin batez arituko natzaizue, ea zuen gustukoa izatera heltzen den
eta egitera ausartzen zareten.
Ibilbidea: Urunetik Elantxobera, bai oinez edo bizikletaz;
hori zuen esku geratzen da. Helburua Elantxobera edo are gehiago, Ogoñora
heltzea izango da.
Gauteguiz Arteagako gaztelua |
Goizean goizetik
Uruneko paisaia ederrekin itzartu eta Maritak prestatutako gosari eder batekin
eguna indar berriturik hasiko dugu. Kafea, fruta, ogi txigortua,… eta behin
prest gaudenean, Gernikarako bidea hartuko dugu. Nahiz eta hotelean gosaldu,
Gernikan kafetxoren bat hartzeko tartea hartu eta Elantxoberako bidean martxan
jarriko gara. Gernikako errekara hurbilduko gara, Oka ibaira, eta hegaletik
joango gara Kortezubirako bidean, hots, errekaren eskuineko aldetik. Bidexka
horretan Oka ibaiaz eta bertan dirauten hegazti ezberdinez goza dezakegu
paduretara heldu bitartean. Momentu horretan, jada Kortezubi herrian egongo
gara. Eskuinetara baserriak, ezkerretara padura eta aurrez-aurre Gautegiz
Arteagako gaztelua.
Gautegiz
Arteagako Orueta auzoan paradarako tartea har dezakegu Urdaibai Bird Centre ikusteko.
Hegaztiei buruzko ikerketan eta
dibulgazioan aritzen dira, baina paduraren Behatokia ere izanik, bisitatu gabe
ezin utzi daitekeen leku horietako bat bihurtu da.
Laidako hondartza |
Bisita hau egin
edo ez, gure bideari ekingo diogu. Arteagako gaztelu atzetik, baserri eta etxe
dotoreen artetik dagoen bidexkatik paduretara abiatuko gara. Oka ibaiari
jarraiki, berak egiten duen ibilbidea egingo dugu, itsasorantz, alegia. Kanala
auzora heltzean errepidera igo beharko gara, padura artetik gure bidea bukatzen
baita. Ondorioz, Laida hondartzara heldu bitartean, gure bidea errepide ondotik
egin beharko dugu; baina ez arduratu laster bide gorria dugu eta, lasai
ibiltzeko. Itsasora hurbiltzen goazen heinean, Laida hondartza aurkituko dugu
aurrez aurre: eskuinetara Atxarreko San Pedro mendia; ezkerretara, hondartzaren
bestaldean, Pedernales eta aurrean, Laida. Hemen itsasoratzen da Oka ibaia,
Laida eta Mundaka artean Izaro irlarekin bat egiteko.
Ogoño Lurmuturra, Lagako hondartzatik |
Toki zoragarri
hau alde batera utzi eta paisai honetaz disfrutatzen dugun artean, gure bidetik
jarraituko dugu Laga hondartzarantz. Bidexka honetan, Itsaso ondotik joango
gara, Bermeo, Izaro uhartea eta haitzez gozatuz Lagara heldu arte. Surflarientzako
hondartza bikaina eta surflari ez direnentzako, toki maitagarria, udan zein
neguan, bisitagarria. Bere ondoan Ogoño dugu harro, Lagaren babesle eta
itsasoari aurre egiteko prest dagoen lurmuturra. Gure helmuga, Elantxobe,
Ogoñoren bestaldean aurkitzen da, baina horretarako bide gorritik jarraitu
beharko dugu Ibarrangelu herri gunera, eta berau pasa ostean Elantxoberantz
hartu.
Nire gomendioa
Elantxobe herri gunera joatea da eta bertako begiratokitik herri osoaren xarmaz
gozatzea. Bertatik, herrixka hau nola uretan bukatzen den beha daitekeelako. Ondoren,
kale artetik jaitsi gaitezke portura.
Heldu gara,
bada, gure helmugara: Elantxobeko portura. Begiratu gora eta ikusi zelako herri
polit eta xarmangarria den. Portuan
zehar paseatzea, bertako arrainak jatea, jendea arrantzan ikustea, arraunlariak
bogarako prestatzen ikusteak duen xarmaz gozatzea baino ez zaigu falta.
(Posible da Elantxobetik Ogoño lurmuturrera igotzea, 305m ditu).
Ibilbidea oinez
egin baduzue, bueltarako autobusa har dezakezue, herriaren goiko aldean dago
geltokia, hau da, plataforma borobilean. Bitxia benetan.
Ostera, bidaia autoz
egin baduzue, bada, segi dezakezue inguruaz gozatzen: Natxitua, Ea, Ispaster,…
Bueltan, Urune
hotela izango duzue zain. Neguan, beheko su ederra piztuta, kafe eta frutaz
beteriko mahaia prest, su ondoan etzan eta indarrak berritzeko. Udan, ostera,
etartean egoteko aukera, paisaiaz disfrutatzen jarraitzeko.
Izaro Bideguren
Ibilbidea oinez:
5-6 ordu
Ibilbidea autoz:
20-30 min.
No hay comentarios:
Publicar un comentario