martes, 7 de marzo de 2017

BERDINTASUNEAN HAZTEAREN BEHARRA

Pasadan astean hausnarketa saio batean parte hartzeko aukera izan nuen. Bertan zer nolako gazteak hezi nahi ditugun eztabaidatu genuen eta ideia oso interesgarriak atera ziren bertatik. Argi geneukana zen etorkizuneko gazteak Hezkidetzan hezitakoak behar zutela izan, berdintasunean oinarrituz eta aniztasunaren aberastasunak duen garrantzitik abiatuta pertsona guztien eskubide berdinetan oinarritutakoak.

Pertsonen arteko berdintasun honek hainbat balio barneratzea eta asimilatzea suposatzen du: norbera eta besteenganako errespetua, enpatia, estimua eta autoestimua, kritikoa izatea,… benetan landu beharreko balioak guztiak ere. Gure hezkuntza sistema balio horiek indartzean oinarritu beharko litzateke, gaurko umeak etorkizuneko ume arduratsu eta errespetuz beterikoak izan daitezen. Ez da lan erraza beraz, eduki akademikoei pisua gutxituz balioetan oinarritzea baina merezi duen ahalegina dela uste dut, pertsona helduez betetzeko mundua.

Gazteei erakutsi edo eman beharreko balioez gain, adibidearen oinarri nagusiok izan behar gara gure barnean dauden estereotipo eta rolak apurtuz. Horiei bukaera eman gabe ezingo baikara ezeren adibide izan eta…

Nortzuk arduratzen dira ume horien zaintzaz? Eta beraiei jaten emateaz eskoletan? Zein arduratzen da ikastolako garbiketaz eta mantenuaz? Nortzuk dira haur eskolako irakasle eta zeintzuk goi mailakoak? Zein dago zuzendari eskolan? Zeintzuk guraso doaz bileretara eta zeintzuk kirol ekitaldietara? Zein du umeak erreferente medikuarengana joan behar denean?

Rol batzuk aldatzea zailagoa den arren, hausnarketa prozesua egitea beharrezkoa dela deritzot. Ume horiek berdintasunean hezteko gauza asko aldatu beharko lirateke, norberaren sinesmenez hausnartuz eta zalantzan jarriz. Egoki deritzot Emakundek aurton aukeratutako leloari, “berdintasuna nigan hasten da”, non bestela? Ez dugu aldatzeko motibaziorik aurkituko besteek inposatzen digutenaren aurrean, motibazioa norberaren baitan bilatu beharra baitago aldaketa prozesua martxan hasteko.

Ondorioz, etorkizuneko emakume eta gizonezkoak berdintasun munduan bizi daitezen egin dezagun zerbait, eskoletan, familietan… nagusiak baikara beraien eredu. Pertsona oro maila berdinean izateak abantailak baino ez dituela deritzot, beraz, ahaleginak mereziko du, ezta?

Martxoaren 8a gainean dugu, kontu hauek aldarrikatzeko data izan ohi da, hausnarketa eta ekintzetara zuzendutako eguna; egin dezagun bada, aldarrikapena, hausnarketa eta erreibindikazioa… luzatu dezagun martxoak 9, 10 eta 11ra; ez dezagun urte guztian berdintasuna ahaztu: berdintasuna norberarengan hasten baita baina ez dadila norberarengan bukatu.


Izaro Bideguren

No hay comentarios:

Publicar un comentario