Konturatu
orduko gabon sasoian murgildu gara, kaleak argiz eta kolorez apaindu dituzte,
pinu arbolak bolaz eta lazoz beterik edonon ikus daitezke eta jende andana
dabil dendetan erosketak egiten. Zer izango ote dute Gabonek jendea kalera
ateratzera animatzeko? Ez dakit
erosketak eta kontsumismoa izango den baina jendearekin partekatzeko gogoak ere
zerikusia duela iruditzen zait. Nire ustetan gehienoi lagunekin eta
familiarekin egoteko gogoa pizten zaigu, kalean edo mahai inguruan bada ere.
Aspaldian
elkar ikusi ez diren lagunak biltzeko garaia izaten da, esan beharra dago lagun ezkutuak ere horretan lagundu duela.
Honez gain, enpresa-bazkariak urte osoko tira birak alde batera uzten ditu
momentu batez, eta jatordu ederrak ospatzen dira; lankideen artean, lantegiaz
kanpo ere bizia dagoela erakutsiz.
Gabonak
badute zerbait. Ez nuke magia hitza esango, baina bai jendearengan partekatzeko
gogoa sortzen duen zerbait.
Urtea aldats
goran pasatzen zaigu, egunerokotasunean, asteburua noiz helduko zain, gero
oporrak noiz helduko egoten gara eta konturatu orduko joan da urtea eta hemen
dira hurrengo urteko Gabonak: urteko balantzea egiteko ordua askorentzat.
Nik ez dakit
adin kontua izango den, baina nagusiengandik beti entzun dudana sentitzen dut,
adina aurrera doan heinean urteak ere arinago pasatzen direla. Ez dakit honen
zergatia zein izango den, baina zati handi batean egunerokotasunean gero eta
eginbehar gehiago izateak bere garrantzia duela uste dut. Eguneko orduak
eginbehar guztiak egiteko nahikoak ez direla pentsatzearen sentimenduak urteak
hegaz joatearen oinarri direla deritzot.
Eta lanean
zer esanik ez; Enbor Kontsultoreak eta Urune Hotela, Urune Hotela eta Enbor
Kontsultoreak. Batean ez denean bestean dugu zer egina, bietan ez baldin bada,
noski. Argi dago, egun jasaten ari garenarekin ezin kexatu gintezkeela, eta ez
da hori nire asmoa ere, baina, aspertzeko unerik ez dugu behintzat.
Aurton
adibidez, urtean zehar arlo bakoitzak eskatzen duen lana egiteaz gain, proiektu
ezberdinetan murgilduta ibili gara: kalitate sistemak egunean eramaten, Euskara
plana jorratzen, 15+5 ospakizunak bezero,hornitzaile eta familiarekin, hotelean
izan ditugun obrak, bezeroenganako arreta hobetzen … Gure helburua hobetzen
joatea da, kalitate maila hobetzea, bai eskainitako zerbitzuan baita bizi
kalitate mailan ere.
Ondorioz,
eta datorren urteari begira, proiektuz beteriko izatea espero dugu, aurten
izandakoen haina behintzat. Proiektu pertsonal zein lanekoak izan, gure bizia
helburuz betetzea nahi dugu eta pausoz pauso, bizimodua hobetzen joatea. Baina
proiektu guzti horietaz gozatzen ikasi behar dugu, horrela, datorren urtean Gabonetako
bloga idazten dugunean, ziurrenik urtea hegaz pasatu izanaren sentsazioa izango
dugu baina urte oparoa izan denaren sentsazioaz nagusituz.
Gure
partetik desiorik onena opa dizkizuegu eta datorren urtea poztasunez beterikoa
izatea.
Besarkada
bat.
Izaro Bideguren
No hay comentarios:
Publicar un comentario