Ongi etorriak euskararen Bihozferara!!! horrela eman zion atzo Ibilaldiak
ongi etorria euskarari eta ondorioz Gernikara bertaratu ziren milaka euskaltzaleei.
Bertan Bizkaiko Ikastolen jaia ospatu zen Seber Altube Ikastolaren eskutik.
Musika, ikuskizunak, herri kirolak, artisautza, …. ez zen ezer falta izan 6 Km
luze zuen ibilbidean zehar. Alaitasunez eta jai giro ezin hobeaz lagundurik, gazte
zein heldu, haur zein nagusi, denentzako aukera ezberdinak aurki zaitzakeen.
Ekhi eta Aimar txikiak aitaren lepoetan. |
Baina guzti hau ezingo litzateke burutu hainbat eta hainbat boluntarioren
laguntzarik gabe. 2013. urteko Portugaleteko Ibilaldia geroztik urte osoan
jardun dute buru belarri lanean. Denek jakin badakite zer nolako garrantzia
duen Ibilaldiak ikastolaren etorkizunerako, aukera aparta baita bertan egin
nahi diren hobekuntzak aurrera eramateko. Kasu honetan, ikastola, dituen ikasle
kopuruaren ondorioz, txiki geratu da eta gainera handik edo hemendik tokia egin
behar zaie ate joka daudenei ere. Batez ere, Ikastolako txikienei. Horregatik beraien
espazioa hobetu eta handitzeko beharrean ikusten da Seber Altube: jangela egin,
komunak berritu, jolasteko espazio bereziak sortu, … azken finean dirua behar
da hori guztia egiteko eta egunerokotasunak ez du ematen hobekuntza guzti
horietarako diru haina. Sarritan bizi irautea ere nahiko neketsua izaten da
eta.
Ondorioz, boluntario guzti horiek “ikastola” sentimenduak bultzaturik
gogotsu lan egin dute, guraso, ikasle ohi zein boluntario desinteresatu izan. Aurreko
ibilaldian testigua hartu zutenetik gelditu gabe jo eta su aritu dira lanean eta
denen artean lortu da. Ez da lan erraza izan baina denon laguntzarekin eguna
bikaina izan zen.
Urte osoko lanak bere etaparik gogorrena atzo bizi izan zuen, atzean utziz
urte osoan antolaturiko ekitaldiak: bertso afari, kantaldi, erakustaldi, txango
etabar guztiak. Horrela boluntarioen azken txanpa izan zen atzokoa. Goizean
goizetik hasi eta martxan ibili baitziren egunak bere aurpegirik onena
erakusteko. Taldeetan banatuta herri osoan zehar banatu ziren, parkingak
antolatzen, trafikoa kontrolatzen, txosnak martxan jartzen, segurtasuna
zaintzen… bazegoen bai zer egina egun osoan zehar.
Guzti honez gain, aurtengoa Ibilaldia garbi bezala gogoratuko dena ere izan daiteke. Ibilaldia 2014k apustu garrantzitsua egin baitu Ibilaldi garbi baten alde. Urdaibai biosfera ingurugiroarekiko dugun errespetuaren ondorioz mantentzen da bizirik eta bide berdinean garatu nahi izan da Ibilaldi eguna ere. Horretarako hainbat ekintza jarri dituztelarik martxan: garraio publikoa bultzatuz, plastikozko edalontzien erabilera murriztuz edo ur erabilera arduratsu baten alde jendea kontzientziatuz, besteak beste.
Gauzak horrela gaur balantzea egiteko eguna da, batez ere ikastolako
arduradunentzat, baina jaiaren parte izan ginenok argi daukagu Ibilaldia
Ikastola eta euskarari egiten zaion omenaldia dela; Euskarak denon beharra baitu
aurrera egiteko eta ikastolek zein eskolek, besteak beste, funtsezko lana burutzen dutela
hori horrela izateko.
Zorionak, beraz, boluntario eta parte hartzaile guztioi, denon artean
Busturialdea Euskararen Bihozfera bihurtu baita.
Izaro Bideguren (Seber Altube Ikastolako ikasle oiha eta Ibilaldiko boluntarioa)
No hay comentarios:
Publicar un comentario