lunes, 25 de noviembre de 2013

BELAUNALDI BERRIAK

Goizean irratia piztu eta azaroaren 25a dela medio, emakumeen kontrako indarkeriaren aipamenak entzun ditut, politikoen betiko kontuez gain, noski. Gaur emakumeek jasandako indarkeriaren eguna da. Gaur bezalako datetan atzera begiratu eta zenbat emakumek jasan dituzten tratu txarrak ikusten dugu; gaur bezalako egunetan, biktima izan direnen ahotsa entzuten dugu, beraien testigantza isila deskribatuz; gaur bezalako egunetan hausnartzen dugu, zertan huts egiten dugun identifika ezinik, urteen poderioz aldatu ezin dugun lakra honetaz.

Askotan uste dugu gaurko gazteak ezberdina direla, ez dutela lehengoak beste jasaten, pentsamendu irekiagoa dutela eta indarkeri mota hau bukatzear dagoela. Baina “usteak erdia ustel”. Gaur egungo gazteriak badaki emakumeak lan merkatura egin duela salto; badaki emakumea izan daitekeela mediku, baita enpresari edo abokatu ere, baina, lehenagoko andre gizonei gertatzen zitzaien moduan, gaurko neska mutikoei ere kosta egiten zaie emakumezko mediku, abokatu zein enpresari hori betiko roletatik kanpo ikustea. Behin lan merkatutik etxera iristean berdintasunean ikustea, bakoitzak hartzen dituen rolak eta erantzukizunak lehengoak izaten jarraitzen baitute askotan. Zer esanik ez, etxetik kanpo lanik egiten ez duten emakumeen kasuan, etxeko lanak egitea dutenak beraien lan merkatu. Mediku, abokatu eta enpresari onenen legez lan egin eta jornalik ez beraientzako, hau da marka! Gainera bikotekidearen dependentzi ekonomikoan bizi behar.

Baina goazen belaunaldi berrien egoerara. Belaunaldi berriak, zerbaitetan adituak badira, teknologi berrietan da. Teknologi berri hauek dira informazio osoa ematen digutenak, munduan gertatzen denaren berri ematen digutenak eta erabakiak honen arabera hartuz. Baina teknologi berrien erabilpenak zerbaitetarako badira, hori harremanak izateko da, pertsonen arteko komunikazioa errazten baitute, nahiz eta aurrez aurreko komunikazio alde batera uzten duten, birtual bihurtuz. Komunikazio mota hau gaizki erabiltzean sortzen da arazoa, ez baitira beste pertsonaren sentimendu eta emozioak antzematen. Horrela harreman aseptiko eta gezurretakoak bihurtzeko arriskua sortzen da. Teknologien erabilpen zuzena izango da oinarria, beste pertsonak, gehienetan emakumezkoak, kontrolatzeko tresna bihur ez daitezen, azkeneko datuek hala dioten moduan.  

Guzti honek zerbait gaizki egiten gaudenaren susmora eramaten nau. Gure haurrak desberdinak izateko, desberdin jokatu beharko da beraiekin, desberdin hezi beharko dira eta printzipio sendo eta hobetuagoak eman. Nagusiak eredu izan behar dira, etxean hartzen dugun berdintasuneko rol eta erantzukizunei garrantzia emanez eta berdintasunean hezi, txiki txikitatik, ipuin bakoitzetik jolas bakoitzera eta beraien arteko berdintasunezko harremana indartu. Nire ustetan hori izango da belaunaldi berriak aldatzeko bidea, beraiek baitute etorkizuna eta gizartea aldatzeko giltza. Eginak eginik daude eta jadanik egindakoa eta jasandakoa ezin da aldatu, horretaz ikasi soilik.

Horrela mediku, abokatu, enpresari zein etxeko langileak berdintasunean biziko dira eta bide batez, irratsaioan politikaz hitz egingo da, ziur nago horrek bere horretan jarraituko duela eta.

Izaro Bideguren


No hay comentarios:

Publicar un comentario