Bihar apirilaren 26a da, gernikarrontzat oso data seinalatua. Aurten 76
urte betetzen dira Gernika bonbardatu zutenetik; 76 urte Gernika erre hautsa
bihurtu zenetik; 76 urte gernikarren bizimodua aldatu zenetik. Denbora asko
pasatu arren gertakari haiek ez dira ahazten bizi izan zutenen oroimenean; ez
beraiek eta ezta ondorengoek ere.
Adibidez, “Lobak” izeneko proiektuak ongi dioenez, “oindik eurrera zeuek konteu
biherko dozuez geuriek…”. Eta noski,
gerratea bizi izan zutenak gero eta gutxiago dira, aiton amona haiek badoaz,
baina Gernikako herria pasatako ez ahazteaz arduratzen da. Lobak proiektuak
ideia hori oinarritzat hartuta, gazteen arteko sorkuntza proiektuak sustatu eta
elkarrekintza espazio izatea lortu du. Ostiralerako antolatuta dauden ekintzen
artean, memoriaren babeslekuan erakusketa kolektiboa antolatu dute Astran
dagoen Bunkerrean, besteak beste.
Honez gain, mota guztietako herritarrek osatzen duten antzezle taldeak Gernika Sutan deritzon herri antzezlana
egingo dute Gernikako kaleetan zehar. Iazko arrakasta ikusita, aurten Doro
Zobaranen zuzendaritzapean egingo dute eta ostiralean eta larunbatean izango da
ikusgai herriko kaleetan zehar. Herritarren inplikazioa ikusten da antzezlan
honetan, nola adin eta mugimendu ezberdinetako jendea batzen den Gernikan bizi
izandakoari sentimendua jartzeko.
“Aldaba” eta “Gernikazaharra” erakundeek ere iazko urtean orain 26 urteko
lanari jarraipena emanik Sustrai Erreak 2 deritzon liburua kaleratu zuten, non
bonbardaketaren oinarri eta ondorioak azaltzen dituzten, testigantza askokin
aberastuz.
Baina herritarrez gain, badira gure mugetatik kanpo bonbardaketaz zeresana
dutenak ere. Azkenengoa, edo lehenetarikoa, Bill Smallwood dela esan genezake, “Egurtxiki”.
Ipar amerikar honek, 70. Hamarkadan Euskal Herrira egindako bisitan
bonbardaketan bizi iraun zutenen hainbat testigantza jaso zituen, baina,
hainbat arazo medio, iazko urte arte ezin izan du bere liburua atera. Azkenean,
Pete Cenarrusa Idaho Estatuko Senatari ohiak bultzatuta 2012. urtean atera zuen.
Gernikan eta inguruetan bizitakoa latza izan zen. Gertakari horietan
izandakoak gero eta gutxiago daude gure artean, tamalez, baina orain arte
egindako komunikazio lanak gure eskuetan geratzen dira. Gugan dugu haiek
esandakoa eta gure esku informazio hori erabiltzea. Munduari erakusten
jarraitzea eta hemen jasandakoa beste inon gertatzea saihestea. Mundu hau pixkanaka
mundu hobeagoa bihurtzea.
Guk ere gure aldetik, antzezlaneko protagonista horien lobak garen aldetik,
gertakari haiek ez ahazteko aldarrikapena egiten dugu: bizitakoa bizita dago,
pasatakoak pasata daude, baina sufrimendu guzti hark bizitzan hazteko eta
ikasteko balio digulakoan gaude. Bai pertsonalki eta baita sozialki ere.
Izaro Bideguren
No hay comentarios:
Publicar un comentario