Hizkuntza,
edozein ama hizkuntza, umetako emozio, bizipen eta usainetan daukagu errotua, estuki lotua gure
izaerarekin. Amaren hitz gozoak,
aittitteren hitz bereziak eta exotikoak batzutan, amonaren esaera zaharrak eta
kondairak, … dena gure imajinarioan, ametsen elikagai eta lehen pentsamenduak
gauzatzeko materia, gure nahiak eta beharrak adierazteko tresna.
Hitzen musika
eta doinuak talde jakin bateko identifikatzen gaituzte, herri inguru bateko.
Aldi berean, hizkuntza
erlazionatzeko bitartekoa da, beste batzuekin harremana, loturak finkatzeko zubia.
Hizkuntza jakin batean “sintonizatzen” dugunean besteren batekin, arrotz
sentituko gara beste hizkuntza batean arituz gero. Hitzen bitartez mundua
ikusteko era partekatzen dugu. Eta hizkuntza hori ikastea, ezagutzen ez zuenari
mundu horretako ateak irekiko dizkio, dimentsio berri batean murgilduz. Hitzak,
berbak, eta hauen erabilerak, adimenaren sakoneko egitura erakusten dute,
oinarrian dauden sineskerak eta baloreak.
Eta erne
euskaldun zahartzat jotzen dugunok geure burua. Euskaraz jaio izana ez da
nahikoa babes, nahikoa berme.
Denborarekin
konturatu naiz hizkuntza bera, egiten
gaituen beste edozein elementu bizi bezalaxe, garatu, aldatu, higatu, alperrik
galdu eta hondatu egin daitekela. Eta
berarekin batera besteekin eta beraien munduarekin konektatzeko kodea .
Gure gorputza
eta oreka zaintzen dugun bezala, gure hizkuntza ere landu, trebatu eta elikatu beharko
dugu, benetan tresna aberatsa dela sentitu ahal izateko, edozein egoera eta eremutan
erabilgarria. Inguru domestiko-sozialetik aratago, arlo profesionalean
zehaztasunez aritzeko modukoa.
Hitzak,
berbak, izaera gorpuzten duten hari ikustezinak bailitzan egiten dute beraien
dantza, mundu izkutuen giltz eta Herrien altxor preziatuen zaindari.
Ama, ume, eme, maite, bizi, lagun, ekin,
galdu, alper, neke, samin, mingots, gozo, epel, ur, lur, hor, hemen, bihotz,
entzun, ekin, egin, zuk, nik…
Aurkene Redondo, Enbor kontsultoreak-Urune Hotelako
zuzendaria
No hay comentarios:
Publicar un comentario