Egunak joan, egunak etorri … eta konturatu orduko 2013. urtean sartu gara eta urte berriari ongi
etorria ematean konturatzen gara nola pasatzen diren urteak, eta bizi gogoa
pizten da.
Esan beharrik ez dago, gainera, garai hauetan izaten dela promesa gehien
egiten den sasoia, batez ere, norberaren buruari egindakoak: osasunari begira,
itxurari, familiari tartea eskaintzeari … denetarikoak entzun izan ditugu denok,
ziur aski.
Promes egite hau, urte bukaeran
egindako balantzearen ondorio ere izan daiteke. Atzera begiratu eta urte osoan
zehar bizitakoa gainbegiratzen dugu, poztasunaz askotan, tristuraz batzuetan
eta gehiago egin daitekeenaren sentsazioaz besteetan. Horra hor gauzak
aldatzeko beharraren promesa!
Baina nire zalantza hurrengoa da:
noiz arte gogoratzen gara egin dugun promesa "finko" horretaz? Egun
batzuk, asteak, hilabeteren bat agian… askoz gehiago ez, udaberria heldu orduko
beste buru hauste batzuk izaten baititugu buruan. Ez al da ba errazagoa izango
urte osoko promesak ahaztu eta egunerokotasunean zentratzea? Egunerokotasunean
izaten dugun jarrera hori aldatzea? Bizitzaren aurrean jarrera positiboa
izatea? helburuak ezarri, epe laburreko urratsak zehaztu eta lorpenen
jarraipena egin aldiro. Xedea buruan argi izan beharra dago eskuartetik ihes ez
egiteko.
Itxura batean hain beldurgarri
bihurtu duten 2013. urte honi aurre egiteko beharko dugu zerbait eta zer
hoberik jarrera positiboa geureganatzea baino; bizitzari begi berriekin
begiratu eta urteari aurre egiteko: lanean, familiartea, lagun artean,… Urteak
gauza on asko baititu gorderik guretzako baina horiek ikusteko gai izan behar
gara, bestela, nor ohartu aukera ondotik pasatzen den momentuan?
Ondorioz, ongi etorria izan dadila
urte berria. Oparotasunez beterikoa izango baita, baina oparotasun horiek
ikusteko gaitasuna norberak izan behar du bere barnean.
Izaro Bideguren
No hay comentarios:
Publicar un comentario