Fotografía: Canal de Historia |
Gernikarra izanda, beti entzun izan ditut bonbardaketaren inguruko kontu
eta pasadizoak. Eskolan idazlanak egiten genituen eta Madrilera ere joan ginen
Picassok egindako lan erraldoia ikustera.
Gernikar izatearen atal garrantzitsua da orain historia bihurtuta dagoen
gertakari tamalgarria. Familian zuzenean bizi izandakoa, aittittek eta amumak
(aitonak eta amonak) betondo ilunez gogoratutakoa.
Ume izatetik heldua izateko urte horietan gertatutakoaren irudia zehazten
doa eta bihotzean ñabardura berezia eratzen, Gernikarron izaera janzten duena.
Hamabi bat urte nituela galdetu nien aittitte eta amumari beraiek zer
modutan bizi izan zituzten bonbardaketaren inguruko egun haiek. Amumak negarrez
kontatzen zituen, aittittek malkoak barrutik eta ezpain estuak kanpotik,
isiltasuna opari.
Emazteak umeak hartu eta mendira ihes egin, zorte edo kasualitate hutsari
esker bizia salbatuz txikia gose zelako lekuz aldatu zirenean, izuak jota eta
bizirautearen bultzadaz aurrera hiru seme alabak salbu jartzeko, oinez mendirik
mendi, errekara jauzi eta ittoteko zorian, ezagunak zerraldo lurrean, sua, kea,
ihes, ihes, umeek negar, gosea, eta ibili … itsasontzia hartu, izkutuan,
Frantziara. Negar … senarra nonbait frentean.
- Aittitte, inoiz hil zenuen pertsonaren bat? Begirada triste eta iluna
sakonean, irribarre nekatua eta ezereza …
Amatasunak eta urteek beste prisma bat eskaintzen dutela uste dut. Nik,
gaur, orain, hobeto dakit zer den umeek babesteko grina, bizia mantentzeko
indarra, hurbiltzen naiz maitea bizi ote den ez jakitearen amaigabeko zulora,
ezagutzen ditut heriotzaren aurpegi batzuk, … eta ez dakit ezer.
Ni ez naiz Frantziatik bueltatu amaren etxera, ezer gabe, lan bila,
senarraren bila kartzelaz kartzela, jakin nahiean … edo ez. Ni ez naiz prestatu
nire senarraren heriotz zigorra eta fusilamendua entzuteko, gero, nork jakin
zergatik, erabakia aldatzeko eta hiru urtean kartzelan usteltzeko. Ez dut ezta
imajinatzen ere senar emazteen lehen topaketa kartzelan, bizirik daudela
jakitea, seme alabak ondo, … zahartutako gazteak.
Arimak hausten dira, pertsona izatearen balioa zatitzen da, … Nire izekoren
(izebaren) etxean egurrezko kutxa, esku gaztez eta labain zaharrarekin
kartzelan landutako kutxa, seme alaben izena, emaztearen izena, sentimenduak eta
arimaren zauriak zizelkatuta, hersturak, beldurrak, itxaropenak …
Gaur nire semeak eskolako jarduera batean kontatu du bere amumak txikitan
entzundakoa, aittittek hiru urterekin bizi izandakoa. Arduratsua da eta
ulertzen du, bere hamar urteek uzten dioten beste. Bere begietan batez ere bizi
indarra da ageri. Dinosauro, pokemon eta herensuge magikoz osatutako unibertso
teknologikoan, Gernikako bonbardaketak bere tokia duela uste dut. Ez handiegia,
eta horrela izan behar da. Etorkizuna eraikitzeko arintasuna sentitu behar
delako ariman eta sinesmena pertsonengan.
Nola babestu gureak bizipen izugarri hauetatik? Nola zaindu gertatutakoaren
memoria? Nola aplikatu ondare garratz honengandik ikasitakoa?
Hitza. Hitza balsamikoa da, terapeutikoa. Hitzak esan, hitzak entzun. Ikasi
beharko genuke. Klana alde batera utzi eta pertsona hartu aintzat. Gizakiok
ankerkeri anitz egiteko gai gara taldearen izenean, ideien izenean. Horrela
erakutsi dugu sarritan. Fanatismoei aurre egin eta desberdintasuna errespetatuz
berdintasuna lortu.
Ba daude hitza errazten duten kulturak eta baita hitza ukatzen dutenak ere.
Hauek ez diote gertatutakoari zentzurik ematen, norberaren jatorria galtzen da.
Abandonoaren kulturak dira, bakoitzak bere burua salbatu beharrekoa eta
zaurituak sozialki baztertzen dituena.
Hemen ere holako zerbait gertatu zen guda ostean. Zauritu eta kaltetuei
hitza kendu zieten eta dena bukatutzat jo zuten, biziari aurre egitea eskatu
zieten denek sufritzen zutela argudiatuz. Esateko zutena ez zen interesekoa, ez
zitzaien sinesten. Gudaren erasoa jasan eta gero, babesten ez zieten kulturaren
erasoa jasan zuten. Beste kultura batzuetan ordea, norberaren garapena
berreskuratzeko aukerak ematen dira. Norberaren ohiturataz, gurasoen baloreetaz
galdetuz, “zuk kontatu zurea eta nik nirea kontatuko dizut”. Zauriari zentzua
ematen laguntzen dutenak.
Gaur eskolan, etxean, gure umeei hitza ematen diegu, gure nagusiei hitza
hartzen diegu eta nik ere nire hitza zuentzat eskeintzen dut. Eskerrik asko
entzuteagaitik.
Aurkene Redondo
Enbor kontsultoreak eta Urune hoteleko zuzendaria