Badira lau
hilabete Uruneko familia handitzen hasia dela. Famili honetara azken sartu dena
bikote bitxi bat izan da. Beraien izenak? Ikatz eta Bat, Bat eta Ikatz, a ze
parea! A ze txakur kume parea! Bata emea bestea arra, bata artzain txakurra
bestea ehiztaria, bata korrika bestea
lo… Egun osoa elkarren atzetik pasatzen dute, nora joan, zer ikertu eta zer
apurtu bilatu nahian. Egin behar ez direnak egiten. Zoratuta omen dabil gure
nagusia lorategian egiten dituzten zuloekin. Satorren bila omen dabiltza, nahiz
eta jakin ez dakigun, ez dute bat ere oraindik harrapatu eta; sagutxoren bat
akaso…
Ikatz, bere
izenak dioen moduan, beltza da, artzain txakur ezin hobea. Gure bezeroak ongi
baino hobeto zainduko dituena. Bere zuhurtziatik ez da inor ikusi gabe
pasatzen, ezta gutxiago ere. Bat ordea, ehiza txakurra. Mimosoetan mimosoena,
nork igurtziko zain, eguzki izpi bila bertan etzan eta lo kuluxkaren bat
egiteko prest dabilena.
Ni behintzat
txakur kontuetan berria naiz. Ez dut sekula txakurrik izan inguruan, gustatzen
ez zaizkidala ere esatera ausartuko nintzatekeen, baina bi hauek hemen agertu
zirenean…. gauzak aldatu egin ziren. Asko ikasi dut beraietaz, laguntasuna ere
ematen didate lanera natorrenean eta
baita kirioak dantzan jarri ere beraien barrabaskerietan hasten direnean…
Hauexek dira
bada, gure familiako nobedadeak. Ea gure kume berriak ezagutzeko aukerarik
duzuen. Nik badaezpada ere, ideia bat egiteko, beraien argazkiak jarriko
dizkizuet, ea zer deritzozuen.
Ondo izan.
Izaro Bideguren
No hay comentarios:
Publicar un comentario