Enbortxo Enbor bihurtu da, sustrai sendoetan oinarritzen den enbor trinko legez.
Urteetan, batetik, egitura eta toki aldaketak eta bestetik, krisi sozio
ekonomikoaren eragina jasan izan duen arren, enbor trinkoa izaten jarraitzen
du. Lan taldea gainera, berritzaile, dinamiko eta ez hain gazte ere bada.
Igarotako urte hauetan, geneukan ilusio hura errealitate bilakatu da eta
handitu egin dela ere esan genezake; erakundeen garapenean eta pertsonen
hazkuntzan lanean aritzeaz gain, Urune Hotela Garapen Zentroa ere martxan jarri
genuen duela 5 urte. Horrela, gure lan ildoa indartzeko bide berria bilatu eta
aurkitu genuen, bezeroei garapenerako espazioa eskaintzea Urdaibaiko
Biosferaren Erreserban.
Aurkene Redondo zuzendariak, 10. urteurrenean kasualitateaz hitz egiten zuen.
Bere ustetan ez zen kasualitatea hasierako 10 urteetan bizitakoa, ez eta
momentu hartan esku artean geneukan “Urune Hotela” proiektua ere. Hausnarketa
hartatik hona, 5 urte igaro dira, egun eguzkitsuz eta lainotsuz beteriko 5
urte. Denbora tarte horretan Enbor Kontsultoreaken eskutik Urune Hotela-Garapen
Zentroaren jaiotza eta gaztaroa bizi izan dugu, proiektu komuna sortuz.
Nortzuk gara eta zer
egiten dugun
Gaur, arima berbera izan arren, gure aurpegia aldatu egin da. Enborren 6
lankide izatetik bi izatera pasatu gara eta Urune Hotelaren eskutik, gure
familia hasi da. Lau lankide berri ekarri ditu gure adaxka berri honek,
herrialde desberdinetakoak jaiotzez, eta gure herriak alabatzat hartuak. Aro
berri honetan ere saiatu gara denen inplikazioa eta konplizitatea lantzen eta
horretan jarduten dugu egunero.
Pertsonekin dugun
konpromisoa
Berdintasunaren alde lanean: Emakundek Gizon eta Emakumeen aukera berdintasuneko aholkulari izendatu
zuen Enbor Kontsultoreak 2005. urtean. Ondorioz, urte horretatik aurrera,
erakundeei Berdintasunaren bidean laguntza emateaz gain, guk ere geure plana
jarri genuen martxan, baita kontziliazio
plana ere.
Euskararekin konpromisoa: Enbor Kontsultoreak zein Urune Hotelak
betidanik izan dute euskararekiko konpromisoa. Gure ustetan, gure
identitatearen parte da eta bai kanpora zein barrura begira alde hau zaintzea
funtsezkoa da. Hori horrela, gure zerbitzuak euskaraz eskaintzeaz gain 2007.
urtea geroztik, Euskara plana abian dugu. Honen ondorioz, bai euskara plana eta
baita euskara politika eta irizpideak ere kontuan izaten ditugu gure egunerokotasunean.
Guzti honez gain, Bikain ziurtagirien ebaluatzaile lanetan ere aritzen gara
Euskalit eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik.
Irisgarritasuna:
2011. urtean gure erakundearen irisgarritasun maila neurtzeko ebaluazioa egin genuen.
Ebaluazio haren emaitzetatik, orduko egoeraren semaforoa lortzeaz gain hobetze
arloak zehaztu ziren. Orduz geroztik, hobetzeko bide horretan jarraitzen dugu,
pertsona guztientzako irisgarriak izateko helburupean.
Kudeaketa hobetzen
Enbor Kontsultoreakeko
lan ildo nagusienetariko bat da erakundeei Bikaintasuaren bidean laguntza
ematea EFQM eredua eta bestelakoen bitartez. Gaitasun emozionalen garapena da
Enbor Kontsultoreakek landutako beste arlo nagusi bat prozesu eta ikastaro
ezberdinen bitartez. Eta hirugarren arlo bat, lehen aipatu bezala, Gizon eta
Emakumeen arteko aukera Berdintasuna lantzea diagnosia eta berdintasun planak
garatuz.
Turismoko Kalitatezko Qa: Gure lanarekin koherenteak izanik, 2009. urtean Turismoko
Kalitatezko Q-a martxan jartzea pentsatu genuen. Honek gure funtzionamendua eta
oinarriak aztertuz, lana modu egituratuan egitea ekarri zuen, helburu zehatzak
ezarriz eta adierazleen bitartez urterik urte lorpenak ebaluatu ahal izateko. Horrela
etengabeko hobekuntza sistematizatu ahal izan dugu.
IKT programa: Urremendi Garapen Agentziaren eskutik, IKT
(Informazio eta Komunikazio Teknologia) tresnen ebaluazioa egin genuen 2013.
urtean. Gure lan sistema ebaluatzeaz gain, hobekuntza plana diseinatu genuen ordutik
martxan dagoena.
2012. urte amaieran Plangintza
Estrategikoa diseinatu genuen buruan bueltaka genituen erronka nagusi,
planak, proiektu eta ideiak antolatzeko asmotan. Ondorioz, 5 ildo estrategiko
zehaztu genituen, 10 erronka estrategiko eta 22 proiekturekin. Eman nahi
ditugun hurrengo urratsak testuinguru horretan markatuta daudela esan genezake.
15 urtetan zehar mila kontu eta komedia bizi izan ditugu eta ezin denak
kontatu honako idatzi honetan. Hurrengo argitalpenetan joango gara hauen berri
ematen Enbor Kontsultoreak eta Urune Hoteleko bilakaera barrutik ezagutu ahal
izateko, ez bakarrik kanpora begirako ekintzak ,baita gure arima ere.
Hemendik gure eskerrik beroenak urte guzti hauetan gurekin elkar lanean
aritu zareten erakunde eta pertsona ezagun eta ez hain ezagunei.
Izaro Bideguren